martes, 24 de marzo de 2015

3. ebaluaziorako irakurgaiak


Hona hemen 3. ebaluaziorako aukeran dituzuen irakurgaiak. ANIMO! Gustuko izango dituzue, ziur!

 1. “Larunbatean Bukowskin” JOHN ANDUEZA (Elkar) 





Irailaren zazpian, Donostiako Bilintx institutuan ikasturte berria hasi da. Urtero legez, tribu ezberdinak nahastuko dira bertan: modernoak, frikiak, punkiak, hip-hoperoak eta apatxe bakartiak.

Nerabe horien unibertso propioan murgilduko gara. Gazteen arteko harreman konplikatuak, teknologia berriak, sexua, drogak... rokan rola! Eta halako batean, institutuan norbaitek kamera txiki bat ezkutatuko du nesken aldagelako azken dutxan...






2. “Kulero salatzaileak” MIGUEL A. MINTEGI (Aizkorri) 


Eztanda batzuek iratzarri ninduten. Begiak zabaldu nituen, ikaratuta. Berehala itxi, eta eskuak burura eraman. Sekulako burukomina neukan; burua, lehertzeko zorian. Begiak kostata zabaldu, eta, larrituta, gelako ilunpeak arakatu nituen, eztanden sorburuaren bila. Hasieran bestela eman arren, konturatu nintzen, zorionez, eztandak ez zirela nire buruan gertatzen ari. Non, bada?? Hala esnatu zen goiz hartan Rafa. Bezperan ikasle eguna izan zen eta sekulako ajea zeukan. Baina hura ez zen txarrena, hura amesgaiztoaren hasiera baino ez zen. Gelako neska batek, izan ere, sexu-abusu salaketa jarri behar zuen haren kontra. Rafak ez zuen ezer gogoratzen, gaueko azken orduak ezabatuak zeuden bere burutik; hala eta guztiz ere, ez zitzaion buruan sartzen erasoarena. Denak zuen bere kontra, ordea, neskaren kuleroak bere gelan baitzeuden.

3. “Maitasun sua” AITOR ARANA (Ibaizabal)




Dokumentu historiko batean oinarrituta, 17 urteko bi gazteren istorioa kontatzen du. Sutan hil zituzten XIV. mendean, homosexualak izateagatik zigortuta. Gaztetxo batek irakurtzen du istorio hori, eskolarako lan bat prestatzen ari dela.

Garai bitan gertatutakoa eta egoera batean antza duten bi istorioen narrazioa.

domingo, 28 de septiembre de 2014

Aurtengo lehen irakurgaia!

Ongi etorri aurtengo DBH 1A gelakoen blogera.

Lehenengo berri honetan aurtengo lehen irakurgaiaren inguruan arituko natzaizue: Arrate Egañaren HIZKUNTZA SEKRETUAK.

Lukas izeneko mutiltxo batek, orainaldian kontatzen digu Azkenurri eskola berezi bateko istorioa. Barrakoia deitzen da eskola eta bertan, lurralde ezberdinetako ikasle kaxkar eta txarrak daude. Ibargoiti zuzendariak, gela hori osatu du Porrot taldea izenaz eta ikaskideek hizkuntza sekretu bat ere asmatu dute ume bakoitzaren jaioterritik ekarritako hitz ezberdinekin. Lukas, Barrakoian agertuko den Mei izeneko neskatila berriaren laguna egingo da eta bien artean pila bat gauza konpartituko dituzte. Bereziki Meiren gaitasuna: zomorroekin hitz egitea. Mei, oso neska berezi eta bakartia da eta beste umeekin ondo eramatea zaila egiten zaio. Batez ere, bere trebetasun bitxiarengatik, beste umeek sorgina dela pentsatuko duten ustean. Liburua, irakurtzeko erraza eta dibertigarria egiten da. Egañak Mei pertsonaiaren berezitasunaz, irakurlea amaiera arte lotzea lortzen du.